Laguntza horiek Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsak (FEMPA) eta Eusko Jaurlaritzak emango dituzte
Maria Ubarretxena bozeramaileak gaurko Gobernu Kontseiluan onartutako hainbat laguntza-lerroren berri eman du astearteroko prentsaurrekoan: 13,5 milioi euro arrantza eta akuikultura sektoreentzat eta 600.000 euro arraza garbien abeltzaintza-elkarteentzat.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako lehen laguntza-ildoa arrantzaren eta akuikulturaren sektorerako laguntzei buruzko aginduari dagokio, 13.580.700 euro bideratzen baititu guztira. Horietatik 9.506.490 euro Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsari dagozkio, eta 4.074.210 euro Euskadiko aurrekontuei.
Ubarretxenak adierazi duenez, “laguntza horiek bat datoz Europar Batasunaren arrantza-politika bateratuaren helburuekin, hau da, flota profesional eta errentagarri bat sustatzea, itsasoko baliabide biologikoen ustiapen iraunkorra bermatuko duena eta ustiatutako populazioen oreka biologikoa eta ingurune fisikoaren osotasuna arriskuan jarriko ez dituen aprobetxamendua ahalbidetuko duena”.
Era berean, 600.000 euroko laguntzak onartu dira ekoizpen-arraza garbien abeltzaintza-elkarteentzat, arraza horiek kontserbatu, hautatu, hobetu eta sustatzeko.
Bestalde, María Ubarretxenak jakinarazi duenez, Lehendakariak gobernu-taldearekin partekatu ditu Arku Atlantikoaren Batzordearen lehendakaritzako hurrengo bi urteetarako ezarri dituen erronkak. Joan zen urriaren 3an izendatu zuten Imanol Pradales Europako batzorde horretako lehendakari.