Quantcast
Channel: Irekia - Berriak
Viewing all articles
Browse latest Browse all 965

Eusko Jaurlaritzak eta Fair Saturday Fundazioak artearen eta kulturaren bidez gizarteratzeko programa bat garatu dute

$
0
0
  • ‘Mezenak Barreras Invisibles” proiektuari esker, bazterketa-arriskuan dauden adingabeek arte-diziplinaren bat ikasteko aukera izango dute
  • Helburua da kultura-bekak jasotzen dituzten 100 adingabe izatera iristea, mezenas gisa arituko diren eta kulturaren munduan sartzen lagunduko dieten 100 familiaren inplikazioari esker.

Eusko Jaurlaritzak eta Fair Saturday Fundazioak gaur aurkeztu dute Donostian Mezenak Barreras Invisibles programa. Mezenasgoa bultzatzen duen proiektu honen helburua da bazterketa-arriskuan dauden neska-mutilek euren talentu artistikoa garatu ahal izatea. Azken batean, adingabe horiek artearen eta kulturaren bidez gizarteratzea da programaren xedea.

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak eta Fair Saturday Fundazioaren fundatzaileetako bat eta Mezenak Barreras Invisibles programaren arduraduna den Saioa Eibarrek gaur Gipuzkoako hiriburuko Koldo Mitxelena Kulturunean azaldu dutenez, une hauetan zabalik dago mezenas familiak erakartzeko epea. Helburua da desabantaila-egoeran dauden familietako 100 neska-mutilek egin ahal izatea euren talentua garatzeko arte-ikasketak. Horretarako, mezenasgo zibileko eredu baten aldeko apustua egiten da, eta horrek esan nahi du mezenas gisa jardungo duten eta proiektuarekin konpromisoa hartuko duten 100 familia bilatuko direla.

“Programa honek parte hartzen duten adingabeen autoestimua hobetzen du eta euren garapenean laguntzen du, arte-diziplinek tresna kognitiboak, sozialak eta emozionalak ematen baitizkiete. Gainera, era honetako ikasketak egiten direnean, adingabeak ingurune ezberdinekin harremanetan jartzen dira, euren “harreman-ratioa zabalduz”, azaldu du Melgosak, eta azpimarratu du “kultura eta artea gizarteratzea ahalbidetzeko tresnak” izan daitezkeela.

Mezenak Barreras Invisibles programak hiru arlo lantzen ditu:

  • Bekak: Prestigio handiko ikasketa-zentroetan kultura-bekak eskaintzen ditu, ikasleei beste haur, nerabe eta familia batzuekin eta, oro har, proiektuan parte hartuko ez balute ageriko loturarik izango ez luketen pertsonekin harremanetan jartzeko aukera emanez.
  • Lagun egitea: Mezenas familia bakoitzak harreman estua du bekadunaren familiarekin, eta, beraz, konfiantzazko eta elkar ezagutzeko harreman bat sortzen da. Parte hartzen duten familiak hainbat kultura-ekitalditara joaten dira urtean zehar, eta, gainera, haurren eta nerabeen familiekin etengabeko komunikazioa dago ikasturtean zehar izan duten bilakaeraren berri izan dezaten.
  • Autonomia sortzea: Kultur ekitaldietara norberaren eskubidez sarbidea izateak komunitateko kide izatearen sentimendua areagotzen die programan parte hartzen duten haurren eta egoera ahulean dauden familiei.

Mezenak erakartzea

Bizkaian arrakastaz probatu den programa honek programa pilotua izateari utzi dio eta Euskadi osora zabaltzea du helburu. Horretarako, mezenak erakartzeko kanpaina jarri da abian orain. Spot bideo bat egin da eta hainbat gizarte-eragilerekin bilerak egingo dira, baina uste da programa ezagutaraztea dela eman beharreko lehenengo urratsa.

Saioa Eibarrek azaldu duenez, “garai azkarretan bizi gara, etengabe hazkunde hedakorra bilatzen ari gara, eta, alde horretatik, beste bazterketa-mota batzuk ez ezik bazterketa-modu berri bat ere ari da agertzen, ekonomikoki eta sozialki kalteberak diren kolektiboei bakarrik eragiten ez dien bazterketa kulturala, alegia. Mezenak programa sortu da argi izanda kultura ezinbestekoa dela gizartea osatzen dugun pertsonen eta kolektiboen garapen sakona eta aberatsa lortzeko, kohesioa ziurtatzeko eta bizikidetzaren oinarrizko zutabeak finkatzeko”.

Haur kalteberak edo kalteberatasun-egoeran dauden haurrak dira 17 urtera arteko haurrak eta nerabeak, gizarte-bazterketako, bazterkeriako edo pobreziako arrisku-egoeran daudenak, Europako Haurren Bermearen arabera, haurren eta nerabeen desabantaila espezifikoak kontuan hartuta:

  • etxerik ez dutenak edo etxebizitzaren arloan gabezia larriak dituztenak (bizitegi-bazterketa larrian daudenak);
  • desgaitasuna dutenak;
  • osasun mentaleko arazoak dituztenak;
  • migratzaileak edo gutxiengo etniko batekoak (bereziki ijito etniakoak) eta guraso bakarreko familietakoak;
  • laguntza alternatiboa jasotzen dutenak (bereziki abegi-zentroetan bizi direnak);
  • familia-egoera larrian bizi direnak.

Viewing all articles
Browse latest Browse all 965

Trending Articles


Euskal Herria Heterodoxiatik