- “Ekintzailetza eta berrikuntza bultzatuko ditu, ezagutza mahastizaintza eta ardogintza sektorera eta edarienera transferitzera bideratutako ikerketa-ildoak garatzeko”
- Guardian aurkeztu dute mahastizaintza eta ardogintzako campusaren egoitza berrien proiektua: Arabako Errioxan ardoarentzat eta Gasteizen edari guztientzat
Imanol Pradales lehendakariaren ustez, EDA Drinks and Wines Campusa “garrantzi handiko erakargarria izango da talentua erakartzeko, prestakuntza espezializatua eskaintzeko, ekintzailetza eta berrikuntza sustatzeko eta ezagutza mahastizaintza eta ardogintza sektorera transferitzera bideratutako ikerketa-lerroak garatzeko”.
Pradales gaur goizean Guardian, Arabako Errioxan, izan da, EDA Drink and Wines Campusaren egoitza berrien proiektuaren aurkezpenean, eta bertan izan dira Ramiro González Arabako Diputatu Nagusia, Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerren zuzendaria, Raúl García Guardiako alkatea, Maider Etxeberria Gasteizko alkatea eta Txema Elvira Arabako Errioxako Kuadrillako presidentea ere.
“EDA Drinks and Wines Campusa eskualdeko ekimena da, Arabako Errioxaren, Arabaren eta Euskadiren garapenerako proiektua”, adierazi du lehendakariak. “Euskadik lehenengo mailako aktibo ukiezinak ditu. Gastronomian bikaintasunaren eta berrikuntzaren ospe globala dugu, prestakuntzarako, ikerketarako eta ekoizpenerako lurralde gisa posizionatzeko aukera ematen diguten beste elementu batzuez gainera”.
Pradales´ek proposatu du “Euskadi munduan elikagaien sektore berriaren iraultza lideratuko duen eragilea izatea, horretarako oinarrizko baliabideak eta hori lortzeko anbizioa baititugu. Gobernu gisa, elikatze-kate osoan zehar ekintzailetza- eta berrikuntza-ekimenak artatzeko, laguntzeko eta bizkortzeko lan egingo dugu”.
AUKERA
Bere hitzaldian, EDA Drinks and Wines Campusaren egoitza berrietarako proiektu irabazleak aurkeztu ondoren, Imanol Pradalesek proposatu du “gure aukerak aprobetxatzea, berez egiten ari garen bezala” eta eskertu egin du “Arabako Errioxarako, Arabarako eta Euskadirako punta-puntako ekimen hori bertatik bertara ezagutzeko aukera eman izana; izan ere, lehen sektoreak garrantzi estrategikoa du gure herriarentzat, eta euskal identitatearen ezinbesteko zutabea, Euskadiren kohesiorako funtsezko elementua eta gure orekarako behar-beharrezko ardatza da”.
Pradalesek aipatu du sektoreak ez duela “bere garairik onena bizi: kezkatuta gaude eta arazoak ulertzen ditugu. Lehen sektorearen erronkak herri gisa ditugun erronkak dira, eta halaxe onartu behar ditugu”. Era berean, Eusko Jaurlaritzatik ekoizleei, upategiei eta elikaduraren eta landa-garapenaren arduradunei laguntzeko prest agertu da.
“Arabako Errioxa gure tradizioaren eta lehen sektorearekiko loturaren irudia da. Gure funtsa da, eta gure balioen eta bikaintasunaren aldeko gure kulturaren isla, bai eta herri gisa dugun nortasunaren adierazlea ere. Lehen sektorea gure gizartearen oinarrizko zutabea da. Gure DNAren ezinbesteko elementua eta gure herriaren gizarte- eta lurralde-kohesiorako funtsezko iturria”, berretsi du lehendakariak.
“Euskadiren aurrerapena ezin da abiadura desberdinetan eman, hori ez bailitzateke bidezkoa izango. Landaren eta hiritar esparruaren arteko aurrerapenak orekatua izan behar du, herritar guztiei ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzeko”, azpimarratu du Pradalesek.
Lehendakaria ziur dago “proiektuak aliantzak bilatuko dituela izen handiko erakundeekin, enpresa liderrekin, upategiekin, unibertsitateekin, ikerketa-zentroekin eta partner pribatuekin. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Basque Culinary Centerrek gure indarrak batu ditugu etorkizuneko Euskadiren aldeko apustua egiten jarraitzeko”.
BI EGOITZA
EDA Drinks & Wine Campusak bi egoitza izango ditu, bata Gasteizen eta bestea Guardian, nazioarteko proiekzioarekin eta ikuspegi integralarekin, ardoaren eta edarien balio-katea indartzeko unibertsitate-prestakuntzaren, ikerketaren, berrikuntzaren eta ekintzailetzarako laguntzaren bidez.
Guardiako egoitza eraikin berria izango da, eta 3.900 m2-ko lursail batean eraikiko da. Ardoaren unibertsoan oinarrituko da, eta talentua erakartzea, balio handiko prestakuntza espezializatua eskaintzea eta sektorera ezagutza transferitzera bideratutako ikerketa-ildoak garatzea izango ditu helburu. EDA Drinks & Wine Campusa Basque Culinary Centerrek garatu eta lideratutako proiektua da, eta Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatzen dute.
Guardiako egoitza hartuko duen lursaila herri horretako Ardoaren Etxetik hurbil dago, eta ingurune egokia izango da arlo horretan.
EDAren bi egoitzak diseinatzeko, arkitektura-lehiaketa bat antolatu zen bere garaian, arkitektura-proiektuaren arduraduna izango den estudioa aukeratzeko, eta gaur jakin da Carvalho Araújo portugaldar estudioa izango dela, "Mugarik Gabe" proiektuarekin.