- ZERO ZABOR URETANek seigarren edizioa du uztailean zehar euskal kostaldeko hainbat portutan lehorreratuz
Itsaso osasuntsu baten aldeko itsas zeharkaldia hasi da Pasaiako MATER Ontzi Museo Ekoaktiboan, uztailean zehar ZERO ZABOR URETAN kanpainarekin euskal kostaldeko hainbat portutan. Kanpaina honek seigarren edizioa ospatzen du aurten, hausnarketa-prozesu parte-hartzaile bat sortzeko eta hondakinen problematikari irtenbideak bilatzeko, "Hondakinik onena, sortzen ez dena" lelopean.
Bilbon, Portugaleten, Bermeon eta Ondarroan (Bizkaia), eta Mutrikun, Hondarribian, Getarian eta Pasaian (Gipuzkoa), doako jarduerak izango dira: bisitak, tailerrak, itsas hondakinak arrantzatzeko nabigazioak, proiekzioak ontzian eta itsasoa eta bizia zaintzeko aldarrikapenak.
MATER euskal portu hauetara iristearekin batera, hilabete batzuk lehenago herri horietan hondakinen prebentzioa eta sentsibilizazioa sustatzeko tokiko eragileekin hasitako lana amaitzen da. Sentsibilizazio-hitzaldien, erakusketen eta hainbat kolektibori zuzendutako proposamenen bidez, sinergiak egin dira, tokian tokikotik arazoaren globalera eta konponbideetara jarduteko. Udalak, komunikabideak, gizarte-erakundeak eta tokiko dendak izan dira aurtengo protagonistak.
Erraldoi sensibilizatzaileak
Parte-hartze honen haria komunitatean sorturik erraldoi bihurtu diren bi figura izan dira, ikusezina ikusarazteko: BIO, Bizitzaren Sarea, biziaren zaintzaren garrantzia irudikatzen duena eta kakorratzez egindako dozenaka algaz eta itsas animaliaz egina dagoena; eta ZABOR, Itsas Hondakinen Munstroa, gizarte gisa ditugun kontsumo ohitura suntsitzaileen emaitza dena eta euskal kostaldean bildutako plastikozko itsas hondakinez osatua dagoena.
Erraldoi hauek MATEReko tripulazioaren parte izango dira itsas zeharkaldi honetan ere, eta herri bakoitzeko programazioa itsasoaren zaintzaren aldeko martxarekin irekiko dute, herri horietako ehunka haurrek egindako mezuekin batera.
Horrela, Plastic Free July kutsadura plastikoaren aurkako nazioarteko hilabetearekin bat egiten du euskal kostaldeak, eta portuz portuko programazio guztia eskuragarri dago www.zerozaboruretan.eus webgunean.
Eragile eta erakunde babesleak
Kanpaina honek hainbat administrazio publiko eta pribaturen babesa du, hala nola Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarena, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Sailarena, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Departamentuarena eta SEO Birdlife Libera proiektuarena, Ecoembesekin lankidetzan.
Beste erakunde batzuek, hala nola Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloak (CIMASUB) edo Euskal Herriko Unibertsitatearen Plentziako Itsas Estazioak (PIE), kanpaina osoko jardueretan parte hartzen dute, baita aktiboki kanpaina beren udalerrietan garatzen laguntzen duten bertako erakunde ere.
MATERetik, Izaskun Suberbiola kanpainaren arduradunak adierazi duenez, "inbasio hau gelditu behar dugu eta gure hondakinak murrizten hasi, eredu izateko eta ingurune osasuntsu, justu eta etorkizunekoa sortzeko".
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Jasangarritasun sailburuorde Aitor Aldasorok ontzi-museoan egindako aurkezpen-ekitaldian adierazi duenez, "gure itsasoen kutsadura lehen mailako arazo bihurtu da, eta itsas biodibertsitateari ez ezik, giza osasunari, gure gizarteari eta kostaldeko eremuetako ekonomiari ere eragiten die". Kalkuluen arabera, urtero 12 milioi tona zabor iristen dira itsasora, eta horietatik ia %85 hondakin plastikoak dira, mikroplastiko ezagunak sortzen dituztenak.
Aldasororen arabera, "gure kokapen geografikoagatik eta itsas korronteengatik, Euskadiko kostaldea zabor flotagarria pilatzeko leku aproposa da". Horregatik, aspaldidanik, arazo horri aurre egiteko hainbat neurri bultzatzen ari dira, eta MATER ontzian bultzatutako ingurumen-sentsibilizazioko kanpaina horren erakusgarri ona da. Gainera, Eusko Jaurlaritza itsas hondakinak murrizteko hainbat ekintza garatzen ari da, hala nola Ulysses Proiektua (AZTIrekin eta Data For Sciencerekin), itsasoko zaborren portaera monitorizatzeko mila gailu flotatzailerekin, Euskadiko Plastikoaren Plataforma abian jartzea (IHOBE eta Aclima Klusterrarekin), edo plastikoen ekonomia berri baten aldeko Konpromiso Globalari atxikitzea (Ellen McArthur Fundazioarekin eta UNEPekin batera). Azkenik, Aldasorok gizarteari dei egin dio "gure egunerokotasunean banakako keinu txikiak eginez, hobekuntza kolektibo garrantzitsuak lor ditzakegulako".